Eva

Hain maitea dugun Evaren bizitza oparoa laburtzea nekeza zaigu. Hemen printza batzuk baino ez ditugu emango, bere fazeta publikoa-ekintzailea laburbiltzen dutenak. Eva Campo Müller Irunen jaio zen 1979ko apirilaren 6an eta Hondarribian hil zen 2016ko maiatzaren 11n. Gazte zelarik, lizeoa eta BAC/selektibitatea biak ere gaindituta, Austriara joan zen lanera eta alemanera ikastera. 5 hizkuntza mintzatzen zituen: espainiera, frantsesa, ingelesa, alemanera, eta euskara. Katalana aisa ulertzeko gai zen. Komunikatzaile aparta zen. Industria ingeniaritza ikasketak egin zituen Castellon. Azken urtean 6 hilabeteko egonaldia egin zuen Estatu Batuetan, New Orleans-en, Arte Ederretako fakultatean. Euskal Herrira bueltatu eta lan mundura jauzia: altzari eta objektuen diseinuan aritu zen hainbat enpresa eta estudiotan urte askoan. Hogeita hamarreko hamarkada ate joka, garapenerako lankidetzarako pausoa eman zuen. Ia urtebete Kamerunen eman zuen, Yaunden, Mugarik Gabeko Ingeniariak gobernuz kanpoko erakundearekin, hainbat garapen egitasmoaren teknikari eta arduradun bezala. Handik nazioarteko lankidetzarekiko ikuspegi aski kritikoarekin eta gaitz ezezagun batek jota bueltatu zen. Pare-parean eta ikasle garaitik, kontzientzia feminista piztu eta loratzen joan zen bere baitan. 2008tik aurrera, industria diseinuan jardunean oraindik, diseinu sozialera daraman ibilbidea hasi zuen. Gerora esango zuen bezala: “En años diseñando productos y servicios o dirigiendo proyectos de cooperación he ido profundizando con convencimiento en el enfoque de la sostenibilidad, consciente de que objetos y conductas tienen un lazo estrecho que influye en nuestra sociedad y en nuestro planeta. Ese lazo fue el que, además, me hizo asomar la nariz al mundo de la antropología con la intención de comprender. Comprender para quién diseñaba. Comprender sobre todo el por qué. Vivimos en un círculo interconectado, por eso intentamos dar plena consciencia al impacto de lo que que creamos. Parece un buen momento para rediseñar el mundo ¿Quién se apunta?” Urte hartatik aurrera, ekintzaile bezala eta arlo profesionalean, oparotasun eta aniztasun handiko garaia abiatu zuen Evak: Irungo Bilgune Feministan hasi zen, baita Aldatsa baratze kooperatiboan ere. Arlo profesionalean, diseinu sozialean lehenbiziko pausoak ematen hasi eta zorigaitzeko bularreko minbiziak jo zuen, 2010eko martxo-apirilean. Tratamendu gogor baten ondoren gogotsu heldu zien berriz ere lan eta gizarte jarduerei, Farapi antropologiako aholkularitzan hasi zen lanean diseinatzaile sozial bezala, eta Jean-Michel Larrasquet eta Eticoop-ekin kolaboratzen hasi zen hainbat proiektutan, beranduxeago, tokiko garapen iraunkorrean aholkulari bezala. Sasoi berean, Irungo Hiritik At hirigintza kooperatiboko egitasmoa abian jartzeko taldean parte hartu zuen. 2010ean minbizia estreinakoz diagnostikatu ziotenetik, gaitzarekiko borrokan eta sendabideen bila etengabe aritu zen, nekaezin eta itxaropenari eutsita une latzak pasatuagatik. Bere gaixotasunarekiko eta medikuntza sistemarekiko esperientziatik hainbat gogoeta eta proposamen egin zituen, bereziki bularreko minbiziaren sendaketa prozesuen hobetzeari buruz. 2014ko urritik bolada luzeak pasa zituen Bruselan eta 2015eko urrian La Cambreko arte eskola entzutetsuan hasi zen zeramika masterra egiten. 2015eko urte bukaeran, ordea, Euskal Herrira bueltatu behar izan zuen bere osasun egoerak okerrera egin baitzuen. Evak oso lotura estua izan zuen txikitatik Sararekin eta bertako familia etxearekin, Lehenburukobordarekin. Bere asmoa zen bertan bizitza proiektua eraikitzea, eta bere talentu eta jendartea hobetzerako energia guztia bertan nahi zuen askatu. Horregatik, elkartearen jardunean mugaz gaindiko izaera eta Sara erreferentzia dira.

 

 

%d bloggers like this: