2022ko maiatzaren 22an, Eva Campo Müller Elkarteak, Parean Elkarteak eta Hiritik At-ek elkarlanean egindako deialdiari erantzunez lagun talde bat elkartu zen, orain dela urte batzuk Urdanibia Plazan emakumeen eskubideen alde margotutako murala zegoen tokian, talde lanean, mural berri bat pintatzeko. Izan ere, urteen poderioz pintura pixkanaka hondatuz joan da. Murala egiteko indarra, bultzada eta arrazoiak ez dira ordea desagertu.

Iraitz Arabolaza margolariak egin zuen margolana eta berak zuzendu zituen pintaketa lanak. Mural emakumeen jabetzeari eta ikusgarritasunari egiten dio erreferentzia, dagokien tokia har dezaten, argitasunean eta nonahi.
